2015(e)ko abenduaren 3(a), osteguna

PRAKTIKALDIAN BURUTUTAKO LANAREN ESPERIENTZIA


HASIERAKO IDEA:



PROZESUA:

Lana aurrera eramateko eman genuen lehen pausoa elkarri praktiketan egokitu zitzaigun ikasleen adina eta kopurua adieraztea izan zen. Behin informazioa hau partekatu genuelarik, lanak banatu genituen. Zorte handia izan dugu, maila guztietako ikasleak genituelako lana burutzeko.


Hasteko, lana bost zatitan banatu genuen zailtasun mailaren eta ikasleen adinaren arabera. Hau egin ostean, lanarekin martxan jarri baino lehen, eskuartean genuen proiektuaren berri eman genion gure gelako irakasleari, baimena eskatuz. Irakasleek ez ziguten inolako eragozpenik jarri eta berehala laguntzeko prest agertu zirenez, lanari ekin genion.


Nahiz eta hasieran gaia guk emateko ideia izan, lan guztia euren esku uztea erabaki genuen. Aldaketa honen arrazoia ikasleei askatasuna eman eta euren sormena lantzeko aukera ematea izan da.


Aiako 3.mailako ikasleak izan ziren ipuin hori sortzeko ardura izan zutenak. Lehenik eta behin, lanaren berri eman zien Ane Arregik ikasleei, nondik norakoak eta honen helburua azalduz. Jarraian, gela guztiaren parte-hartzeaz, ipuina sortzen hasi ziren ordenagailuan. Bakoitzak bere ideia ikaskideei luzatu eta gehiengoari gustatzen zitzaiona eramaten zen aurrera. Hiru saio eskaini zitzaizkion asmaketa lan honi.
Hau egin ostean, ipuina taldekide guztiei bidali zitzaien gmail bidez, lanarekin aurrera joatea ahalbidetuz. Hurrengo pausoa ahotsak grabatu eta marrazkiak egitea izan zen.


Ipuin kontalari lanak Irurako LH4B-ko ikasleek egin zituzten. Horretarako, ipuina hamasei zatitan (ikasle kopurua) banatu zuen Lidek, iada bakoitzari bere zatia zein zen zehaztuz, ikasle guztiek parte hartu ahal izateko. Anek bezala, Lidek ere lanaren aurkezpenarekin hasi zuen saioa. Ondoren, ipuin osoa irakurtzea etxeko lan modura bidali eta batez ere beraien zatia ondo barneratzeko lana izan zuten, buruz ikasi gabe. Hurrengo egunean, ahots grabaketei ekin genien. Hau ikastolako gela aparte batean eta bost pertsonako taldetan eraman zen aurrera, prozesua errazagoa izan zedin. Behin honekin bukatuta, grabazioak Joneri bidali zizkion Lidek gmail bidez.


Irurako ikasleak ahotsa grabatzen zuten bitartean, Santo Tomas Lizeoko LH4A-ko ikasleak marrazkiak egiten ari ziren. Irakaslearen ausentzia aprobetxatuz, Ane Aldazabalek ere proiektua aurkeztu zien ikasleei eta bere zatia burutu zuen. Ipuina ozenki irakurri ondoren, zein marrazki egin erabaki zuten eta haurrak taldeka banatu ziren hauen ekoizpenerako. Talde bakoitzak marrazkiak burutzeko metodo propioa erabili zuen, denen artean marrazki bat egitea edo bakoitzak berea egin eta hauetako bat aurkeztea. Goiza lan hau burutzen pasa ostean, marrazki guztiak bildu eta Itxasori eman zizkion eskura.


Itxasok, Igeldoko lehenengo zikloko ikasleekin marrazki hauek koloreztatu zituen. Ikasle kopurua baino marrazki gutxiago zeudenez, kopia batzuk egin zituen Itxasok, bakoitzak bere marrazkia izan zezan. Marrazkiak banatu baino lehen, lanaren berri eman zien Itxasok, egindakoa eta egiteko zegoena azalduz. Ikasleek erabaki zuten ez zutela ipuina irakurtzerik nahi, lana amaitzean guztia batera ikustea nahiago zutela. Honenbestez, marrazkiak margotzeari ekin zien. Marrazkiak koloreztatu ostean, Itxasok moztu eta ipuinaren arabera ordenatu zituen, ikasleen marrazki guztiak ipuinean agertzeko aukera izateko. Antolaketa hau burutu ondoren, argazkiak atera eta Itxasok Joneri pasa zizkion gmail bidez.


Lanaren azken pauso bezala, Jonek, Aiako 3.zikloko ikasleekin bideo muntaia egin zuen arratsalde batean. Lehenik eta behin, Jonek ahots grabaketa eta marrazkien argazkiak eskolako ordenagailu batera pasa zituen. Guztiak han izanik, eta ikasleen informatikako saioa aprobetxatuz, hauen artean lauko taldetxoak egin eta bideoaren muntaketari ekin zion. Movie-maker programa erabiliz, taldetxo bakoitza bideoaren muntaian pauso bana egiten joan zen. Irudiekin muntaia osoa egin ostean, kantua aukeratu eta audacity programaren bidez ahots grabazioarekin elkartu zuten. Audacity bidez lortutako audioak movie-maker programan zituzten irudietan txertatu zituzten bideoari amaiera emanez.


Azkenik, Jonek denoi bideoa bidali zigun gmail bidez eta bakoitzak praktiketako azken egunean, lan honen emaitza erakutsi zien ikasle eta irakasleei. Hori izan da gure lanaren prozesua.
Taldekide bakoitzak egokitu zitzaion atala aurrera eraman zuen bere ikasgelan. Egia esan, ez genuen inolako pega edo zailtasunik izan lana egiterako garaian izan ere, irakasleak une horo laguntzeko prest agertu ziren.

ONDORIOAK:


Lan hau aurrera eramatean, hainbat gauza aztertu eta deskubritu ahal izan ditugu. Atera ditugun ondorioak ikaskuntza prozesuraren hainbat aspekturekin erlazionatuta daude.


Lehenik eta behin, gure adaptazio gaitasunaren inguruko gogoeta dugu. Hasteko, bakoitzak gure ikastetxeetan aurkitu genuen egoeraren araberako lan banaketa egin genuen lehenengo; maila bakoitzari egokiena gerta lekiokeen zeregina jarri genion. Ondoren, ipuina sortzeko prozesuak esaterako aldaketa bat jasan zuen. Hau da, ikasleen sormena lantzeko aukera jada mugatuta zegoela ikusi genuenez, guk askatasun hori eman nahian, ipuinaren gaia zehaztu gabe utzi genien. Honela, beraien sormena are eta gehiago landu zutela esan behar dugu.


Honekin lotuta, ikasleen parte hartzea aipatu behar dugu. Ohartu gara, beraien lana beste ikastetxeetako ikasleenekin elkartuz lan bakar bat osatuko zutela jakinda, motibatuago eta gogotsuago jardun dutela honetan. Ikasleak ez daude ohituta honelako ekimenetan parte hartzera, beraientzat zeozer guztiz berria izan zen eta oso gustura heldu zioten proposamenari.


Talde lana sustatu zuen proiektu berritzaile bat sortu genuelakoan gaude. Elkarlanean aritzea eskatzen zuen lan bat sortzeko zeregina izateaz gain, erabakiak ere denen artean adostea eskatzen zitzaien ikasleei. Horretarako, beharrezkoa zen denen parte hartzea.


Bestalde, ez da ohikoa gure ikasgeletan  beste ikastetxeekin elkarlanean aritutako proiektuak ekoiztea. Honegatik, irakasleei baliagarria gerta dakieken esperientzia izan delakoan gaude. Izan ere, beraiek ere prozesua behatu ahal izan dute eta beren ikasleek izan duten lan jarrera positiboaz ohartu dira. Guk ere irakasleen balorazio positiboa jaso ahal izan genuen, oso gustuko izan baitzuten proiektua  eta hurrengo batean antzeko zerbait egin nahi badute ere jada badute erreferentzia bat.


Gainera, ikasgela bakoitzak behin beraien zatia bukatuta, lan guztiaren emaitza ikusteko irrikaz agertu ziren beste ikastetxeetakoek amaitzeko zain. Horretaz gain, irakasle batzuk beraien atsegintasuna azalduz, azken lan hau beraien blog-ean zintzilikatu dutela ikusi ahal izan dugu.


Prozesu honen emaitza, jarraian dugun bideoa izan da:





EBIDENTZIAK:

1.Hasierako ideiaren ebidentzia:


ebidentzia.jpg


2.Aiako eskolako blogean zintzilikatu zuten bideoa:






3.Ane Arregiri egindako elkarrizketa:

Elkarrizketa

4.Hona hemen ikasleek marraztutako marrazki batzuk:




2015(e)ko azaroaren 21(a), larunbata

IKT SAIO TEORIKOA, URRIAK 6

1.SAIO TEORIKOAN EGINDAKOAREN AZALPENA

Klasean sartu ginenean esan zigun Aingeruk "zelatatu" eta "zelatatzaileei" buruz hitz egingo genuela. Horretarako, espetxe bat erakutsi zigun, panoptiko bat, non, erdian dorre bat dagoen eta bertatik presoak zelatatuak izaten diren. 


Ondoren, hau, gure bizitzara eta teknologiara bideratu zuen, eta galdetu ziguen gu zelatatuak izaten ote ginen, nola eta honi aurre egiteko erresistentziak. Hasieran talde txikietan hasi ginen taula betetzen, baina, azkenik gela osoaren artean osatu genuen. 

Hona hemen emaitza:


NORK

NOLA

ERRESISTENTZIA

Egela
Nabigazioaren kontrola
Pertsona batek besteei pasatzea irakurgaiak; beti irekita edukitzea
GPS mugikorra
Posizionamenduaren kontrola
Kentzea
Google
Datu pertsonalak; guztiak
Asmatzea
Banketxeak / kreditu txartelak(bestelakoak)
Datuen kontrola
Ahalik eta gutxien
Facebook
Datuak; noiz konektatu
Argazkiak ez etiketatu
Whatsapp
Konexioaren azterketa
Tik bikoitza kendu; ordua kendu; profileko informazioa bakarrik kontaktu batzuk edukitzea
Zerbitzuetako kamerak
Gure mugimenduak
...
Webcam-a (drone)
Sartu daitezkeelako
Pegatina bat jartzea
Konpainia telefonikoak
Lokalizazioa; erabilerak
Modo avion-en jartzea mugikorra


Jarraian, bideo bat ikusi genuen: "¿Por qué me vigilan si no soy nadie?". Hemen, Marta Peiranok ohartarazi nahi digu zenbat informazio sortu dezakegun egunero, eta zein garrantzitsua den sare sozialetan gure anonimatoa mantentzea. Horretarako, neska baten adibidea jartzen digu, non, bertan ikusten dugun nola bere egun oso bateko mugimendu guztiak kontrolatuak dauden.

Ondoren, beste bideo bat ikusteko aukera ere izan genuen: "Las redes y lo datos: una perspectiva crítica". Bertan, guk sare sozialetan eta interneten egiten ditugun publikazioez hitz egiten digu, eta zein garrantzitsua den hauekin kontuz ibiltzea. Horregatik, gure pribatutasuna mantzeko azpimarratzen du sare sozialetan eta horrelakoei dagokienez. 

2.GELAN IKUSITAKOAREKIKO GURE POSIZIONAMENDUA, HAUSNARKETA

Oro har entzuten dugu kontuz ibili behar dugu sare sozialetan publikatzen dugunarekin eta konsziente gara gure datuak dituztela, kontrolatuak gaudela. Baina, zein puntutaraino gara konsziente? 

Konektatuta bizi gara, teknologiaren menpe, egunerokotasunean hainbat ordu igarotzen ditugularik teknologia eskuetan dugula. Bideo hauek ikusteak zer pentsatu handia ematen dit, banekien bai gure datuak zituztela, baina, orain benetan jabetu naiz guk egunean zehar egiten ditugun mugimendu txikienak ere badazkitela, guk uste baino arriskutsuagoa dela.

Eta zer egin honi aurre egiteko? Ahalik eta pribatutasun gehien mantentzen saiatu behar dugu, gure anonimatoa mantentzen. Horretarako, gure datu gutxien ematea izan daiteke aukeretako bat, edo datuak asmatzea.

3.IKUSITAKO GUZTIA HEZKUNTZAREKIN ERLAZIONATU. GURE POSIZIONAMENDUA IRAKASLE MODUAN. ZER EGIN BEHARKO GENUKE HONEKIKO EKOLAN?

Denbora aurrera doan heinean teknologia garatzen doa eta geroz eta txertatuago dagoela ikus dezakegu hezkuntza munduan. Hau positiboa izan daiteke hezkuntzarako, hainbat programa interesgarri eta baliagarri baitaude ikasleentzat. Gainera, gaur egun, txiki-txikitatik hasten dira teknologiak erabiltzen, mundu teknologiko batean hazten direlarik, horregatik, beharrezkoa ikusten dut hezkuntzan ere honen ezagutza minimo bat eskaintzea. Baina, horretarako irakasleak ongi prestatua egon beharko du, eta aurretik aipaturiko teknologiaren arrisku guztiez ohartarazi beharko die ikasleei. 

TALDEKO PRAKTIKETAKO ESPERIENTZIEN ONDORIOAK - EL EKIPO A

Praktiketatik itzuli berri garen aste honetan, taldekideok bizitako esperientzia ezberdinen inguruan hitz egiten aritu gara. Ikastetxe bakoitzaren lan egiteko modua desberdina dela ikusi dugu eta bakoitzaren alde on eta txarrei buruzko hausnarketa bat egin dugu. Solasaldi honen bidez lortu ditugun ideiak oso interesgarriak iruditu zaizkigu eta zuekin partekatzea bururatu zaigu. Azaletik eta modu orokor batean dago idatzita, baina, atera ditugun ondorio edo ideia garrantzitsuenak bertan txertatzea lortu dugula deritzogu.

Irakurri eta idatzi zuen esperientzian oinarrituz gurekin ados zaudeten edo ez.


1.- Metodologia


Gure praktikaldiari buruz hitz egiten hasi garenean metodologia desberdinak aurrera eramaten dituzten zentroekin aurkitu garela ohartu gara. Alde batetik, irakasgaiak modu tradizionalean kokatzen den Txanela proiektuan oinarritzen direnak ditugu. Bestetik, proiektuetan oinarritzen den sistema ikusi ahal izan dugu. Ezberdintasunak ugariak direla kontuan hartuta, hauen inguruan aipatu genitzakeen onurak eta kalteak adostu ditugu.

Lehenik eta behin, irakaslearen segurtasunari begiratuz, esan dezakegu Txanela proiektuak irakaslearen konfiantza bermatzen duela. Horrez gain, gelaren kontrola izatea errazten duela iruditzen zaigu. Nahiz eta kontrol hori zenbaitetan onuragarria izan, irakaslearen askatasuna ere neurri batean mugatu egiten du, proiektuetan ez bezala. Hauetan, irakasleek nahiz ikasleek erabakiak hartzeko aukera handiagoa dute. Gainera, proiektuetan lan egitean irakasleak ikasle bakoitzaren beharretara egokitzeko aukera zabalagoa du eta ikasleen talde lana sustatzen da elkar lanean arituz. Hala ere, txokoka lan egiteak aurre prestakuntza handiagoa eskatzen dio irakasleari helburuak bete nahi badira.


2.- Materialak


Materialari dagokionez, metodologiarekin erabateko lotura duela ikusi dugu. Txanela proiektuan esaterako, irakasgai bakoitzeko hainbat liburu zeuzkaten. Hauetaz gain, irakasleak lortutako fitxa solteak ere burutzen zituzten eta baita ordenagailuak ere. Gainera, irakurketa sustatzeko liburu ezberdinak aurkitzen ziren gelan. Proiektuka lan egiteko, aldiz, material anitzagoa behar da. Testu liburua matematika gaia lantzeko soilik erabiltzen zuten. Gainontzean, txoko bakoitzean material ezberdinarekin aritzen ziren lanean. Plastilina, gometxak, kartoia, lego piezak, metroa, eraikuntzarako piezak, puzzleak, bingoa… eta beste hainbat jolas. Horrez gain, laguntza gisa erabiltzeko material ugari aurki zitekeen gelan. Hiztegia, alfabetoa hitz larri eta xehekin, zenbakiak azpian izenekin, Atlasak, abakoak, mapak…

Honenbestez, proiektuka lan egitea askoz aberatsagoa dela iruditzen zaigu material aldetik.


3.- IKT erabilera


Orokorrean, ikastetxeetan teknologia berriak ez daude oso txertatuta. Gure esperientziari dagokionez, erabilera ugariagoa izan da Txanela proiektua lantzen duten zentroetan. Hauetan ikasys proiektua martxan jarriz, ordenagailuetan ariketak egiten dituzte. Arbel digitalaren erabilera ere anitzagoa da. Izan ere, gela bakoitzak hauetako bat du. Horrez gain, ordenagailua erabiltzeko oinarrizko pauta batzuk ere irakasten dizkiete baita mekanografia ere. Proiektuka lan egiten den eskoletan, ordea, ez zaigu tokatu teknologia berriak erabiltzen diren egoerak bizitzea. Teknologia berriak presentzia izan duten kasuetan ikasleen jarrera pasiboa da, pelikulak ikusi edo abestiak entzutea esaterako. Hala ere, ikastetxe gehienek euren blog-a dutela jabetu gara, gurasoek eskolan egindakoaren berri izan dezaten:


4.- Harremanak


Orokorrean, ikasle gutxiko eskoletan sortzen diren harremanak oso estuak dira, bai irakasleen artean, bai ikasleen artean, bai irakasle-ikasleen artean eta baita irakasle-gurasoen artean ere.

Zikloka banatuta dauden ikastetxeetan, ikasleak ez dira beti taldekide berdinekin egoten, urtero taldekide desberdinak izaten dituzte eta honek umeen arteko harremanak sustatzen ditu. Jolas-orduan esaterako ziklo guztietako haurrak nahasturik ibiltzen dira jolasean, zenbait kasutan HH-ko haur batzuk ere parte hartzen dutelarik jolas horretan.

Irakasle gutxi direnez eta, irakasle guztiek haur guztiak ezagutzen dituztenez, elkar-lanak izugarrizko garrantzia du eta harreman sendoak sortzen dira. Irakasleek ume bakoitza ondo ezagutzeko aukera duenez, bere egoerara eta gaitasunetara egokitzeko ahalmen gehiago du eta laguntza maila handiagoa eskaintzea lortzen da. Gurasoak ere oso aktiboak dira eskola txikian, ahal duten guztietan esku bat botatzen diete irakasleei, irteerak, lantzen ari diren gaiaren inguruko azalpenak emateko, eskolako konponketak egiteko, beharrezko materiala uzteko, kirol arloa antolatzeko....

Bestalde, izugarrizko aldea dagoela ikusi dugu ikasle kopuru handiko ikastetxeetan. Santo Tomas Lizeoan ikasleen arteko harremanak itxiak dira, gelako ikaskideen artean mugatzen baitira. Hainbeste ikasle izanik, jolas-ordu ezberdinak erabili behar izaten dituzte guztiek tokia izan dezaten, eta honek beraien arteko harremanak murrizten ditu. Bestalde, irakasleekin duten harremana ona izan arren, eskola txikietan baina hotzagoa da. Gurasoekiko harremanari dagokionez ere gauza berdintsua esan dezakegu, orokorrean laguntzeko prest azaltzen direlarik.

TALDEKO ARGAZKI-ELKARRIZKETA - EL EKIPO A

Taldekide bakoitzaren argazki elkarrizketa ikusi eta konparaketa bat eginez, 10 ekintza edo momentu aukeratu ditugu. Une hauek teknologia erabiltzen ez dugunean egitea gustatzen zaiguna erakusten dute. Ez dugu argazki bakoitza azalduko, bakoitzak argazki-elkarrizketa pertsonalean ekintza hori aukeratzearen zergatia idatzi dugulako iada eta interesa izanez gero, argazki elkarrizketa indibidualak ikusteko aukera duzuelako!

1-KIROLA


2-JATEA


3-LAGUNAK


4-FAMILIA


5-UDARA



6-BIDAIATZEA


7-ERRUTINA APURTZEA


8-MUSIKA


9-LO EGITEA


10-TONTOARENA EGITEA

2015(e)ko urriaren 15(a), osteguna

ARGAZKI-ELKARRIZKETA

Gaur egun geroz eta gehiago erabiltzen dugu teknologia, horrez gain, haren menpe bizi garela esan dezaket, egunerokotasuneko behar bat bihurtzen ari delarik. Teknologiarik gabeko aktibitate eta ekintzat murrizten ari direnez, hemen uzten dizkizuet hainbat momentu, non, teknologia ez den protagonista:

1-Zarazko kanpinean lagunekin bertako bistetaz gozatzen. Udaran ohitura handia dugu lagunartean kanpinera igotzeko eguzkia sartzen ikustera, eta ondoren, tabernan zerbait hartzen geratzen gara.
2- Lagun giroan egotea ezinbestekotzat jotzen dut. Oso gutxitan elkartzen gara koadrila osoa, baina, denok batera gaudenean momentu zoragarriak igarotzen ditugu.


3- Paratxutarekin jolasean agertzen garen argazki hau aurtengo udarakoa da, hain zuzen era, begirale ikastaroa egiten ari nintzenekoa. Hilabete jardun genuen ikasten eta jolasten, lagun berriak egiten eta hainbat momentu on bizitzen.
4- Argazki honetan Txipristian Aisialdi Taldeko begirale batzuk agertzen gara, Mendigorriako udalekuetan parte hartu genuenak. Aurtengo abuztuan izan gara Andiongo baselizan 10 egun ahaztezin pasatzen, teknologiak alde batera utzi eta beste guztiaz deskonektatzen.
5- Mendira joatea ere izugarri gustatzen zait. Argazki hau Pagoetako gurutzean ateratako da.
6- Kirolak orokorrean asko gustatzen zaizkit, batez ere futbola. Zazpi urtez ibili naiz Zarauzko nesken talde batean, eta honek deskonektatzen eta lasaitzen laguntzen zidan.







                                                                               
                                              
 7- Noizean behin lagunekin ogitarteko bat afaltzera joatea ere ez da gaizki etortzen!


















8- Bidaiatzea ere gustuko dut. Honako argazki hauek Amsterdamera joan ginekoak dira. Batxiler 2a bukatu eta selektibitatea egin ondoren bertara joan ginen koadrilakoak, deskonektatu eta momentu ederrak igarotzeko asmotan.





                                                                           





     
9- Lehengusuekin eta anaiarekin jolastea ere gustuko dut, familiako txikienekin igarotako uneak ederrak izaten dira! 










10-Argazkian ikus dezakegunez txiki-txikitatik gustatu izan zait ikaragarri hondartza. Desiratzen egoten naiz udara iritsi, eguraldi ona egin eta lagunekin hondartzara joateko!                                                                 

2015(e)ko urriaren 2(a), ostirala

IÑAKI PAGOLA: ADUNAKO ESKOLA TXIKIA

Iñaki Pagolak Adunako eskolari buruzko hitzaldia eman zigun asteartean (2015-09-29), IKT-etan zentratuz nagusiki.


Aduna Gipuzkoako barnealdean aurkitzen den 400 pertsonako herri bat da eta 68 ikaslez osatutako eskola txikia aurki dezakegu bertan. Eskola honen antolamendua, beste eskola gehienekin konparatuta, desberdina da, zikloak nahastuz aritzen baitira lanean, adin tarte desberdineko haurrak elkartuta alegia. H.H.2-tik L.H.1-era bitartean dauden haurrak talde bakar batean biltzen dira eta 12 besterik ez daude. L.H.2 eta L.H.3-ko ikasleak ere elkarrekin ikasten dute eta 15 ikasleko taldea osatzen dute. Eta azkenik, L.H. 4-5 eta 6-ko ikasleak ditugu, 11 denera. Lan hau burutzeko 9-10 irakasle daude Aduna eskolan.


Baina ezaugarri hau ez da Adunako eskola beste ikastetxeengandik desberdintzen duen bakarra. Bertan proiektuen bidez egiten dute lan, gai desberdinak lantzen eta aztertzen dituzten proiektuez osatuta dago beraien ikaskuntza prozesua. Proiektua Alkiza eta Berrobiko eskolekin elkarlana eginez eramaten da aurrera, hezkuntza aberasgarriago bat lortuz. Horretarako, testu liburuak albo batera utzi eta IKT-en erabilera anitza egiten dute. Honek harreman zuzena du eskolak duen heldutasun maila aurreratuarekin. Ikastetxe baten IKT heldutasun maila, zentru horrek duen digitalizazio mailarekin lotuta bait dago.


Adunako eskolan dohaineko aplikazioak erabiltzen dira, eta ikasle bakoitzak bere erabiltzailea izaten du Google Apps erabilli ahal izateko (drive, google+, blogger…).
Irakasleek kuaderno digitala erabiltzen dute. Kuaderno digitala, egin beharrekoak zehazteko, landutako konpetentziak biltzeko, lantzeko moduak azaltzeko, helburuak zehazteko… balio duen dohaineko baliabide bat da. Bertan lehenago aipatutakoaren inguruko hainbat datu bildu ditzakegu eta dataren arabera sailkatu eta ordenatu. Gainera, edonon erabili dezakegun baliabidea da, eta edozein momentutan eskuratu dezakeguna. Ikasleen ebaluazioen inguruko argibideak ere idatzi ohi dituzte kuaderno digitaletan, aurrerapenak, akatsak, ongi egindako gauzak… eta beste irakasleekin partekatzeko aukera ere izaten dute. Irakasleek Calendar izeneko aplikazio bat ere erabiltzen dute egingo dituzten zereginak zein diren jakinarazteko, irakasleek gainontzekoak non dauden jakin dezaten.


Ikasleei dagokienez, irakasle eta ikasleek osatzen duten plataforma bat dute. Plataforma honen izena Classroom da eta honen bitartez posible zaie hainbat lan aurrera eramatea ordenagailu bidez. Bertan, ikasleek egiten dituzten lanak partekatu ditzakete irakaslearekin eta honek, zuzenketak egin ditzake. Bestalde, irakasleak ere  hainbat gauza partekatu ditzake plataforma honetan, bai bideoak, testu interesgarriak, irudiak… ikasleenganaino iristeko.


Lanak zergati bat izaten dute, praktikotasun bat. Kasu errealak erabiltzen saiatzen dira ikasleek gauzak errazago ikas ditzaten eta jasotako informazioa benetan barnera dezaten, teoria hutsean geratu gabe. Informazioa barneratzeko, ikasten duten hori praktikan jarri dezaketela ikustea da egokiena, ikasten duten horrek zerbaitetarako balioko diela ikustea.

Amaitzeko, Adunako eskolako sistema laburbilduz, hezkuntza eraginkor, dinamiko, aktibo, kooperatibo, elkarreragile eta parte-hartzailea sustatzen duela esango genuke, metodologia berriak aplikatuz, IKT- en erabilera eta jakintza bultzatuz, eta irakasle-ikasle harremanak indartuz.

2015(e)ko irailaren 29(a), asteartea

AMANDO: AMARA BERRI

Amandok, Amara Berriko ikastetxeari buruzko hitzaldia eman zigun aurreko asteartean (2015/09/22), IKT-en inguruan zentratuz nagusiki eta berak esandakoa laburbilduko dut ondorengo lerroetan.


amara berri.jpg

Lehenik eta behin, eskolako antolaketari buruz hitz egin zigun, Amara Berri Sistema izenez ezagutzen dena. Eredu tradizionalaren albo batera utzi eta proiektu bidez egiten dute lan. Zikloetan egiten dute lan, hau da, adin tarte desberdineko haurrak elkarrekin egoteko aukera dute, zaharrenek txikiagoei gauzak irakatsiko dizkietelarik. Lana txokoetan burutzen da eta departamendu ezberdinak daude; irakasle bakoitzak gela finko bat du eta haurrak gelaz gela mugitzen dira. Horrezgain, ez dituzte hain ohikoak diren testu-liburuak erabiltzen, liburutegian eta interneten oinarritzen dira ikasleak lana egiterako garaian. Amara Berriren kasuan liburutegia ez da gela berezi batean kokatzen, liburuak haurrak erraz erabiltzeko moduan daude kokaturik, edozein tokitan. Proiektu bidez lan egitearen abantailetako bat egiten den orok “zertarako” bat duela da; honi esker, haurrak ekintzaren balioaz jabetzen dira eta gogotsu egiten dute lan.


IKT-etan zentratuz, hedabide ez berdinak erabiltzen zituztela esan zigun Amandok. Hedabide hauek ikasleek kudeatzen dituzte, eurak dira telebista, irratia, prentsa eta txikiweb aurrera eramatearen arduradunak. Hedabide hauek erabiltzearen helburuetako bat, egiten diren lanei zentzu bat, irteera bat ematea da. Beste helburu garrantzitsu bat teknologia berrien munduan sakontzea, aplikazio ezberdinak ezagutu eta probatzea, nola erabili behar diren ikastea…


IRRATIA: irratiko saioa auzoan entzun daiteke FM 107.2 jarri ezkero, eta baita Amara Berriko web orrialdean ere. Teknikariak edo arduradunak 2.zikloko 2 ikasle izaten dira, eurak sortzen dute saioa.


PRENTSA: Amara Berri Egunkaria (ABE) argitaratzen dute. Egunkariak atal ezberdinak ditu, azala, elkarrizketa, eguraldia, kontu-kontari, gu ere idazle, lumaren kilima, saski naski eta denbora pasak hain zuzen ere. Egunero irakurtzen da fotokopiatuta eta arduradunak 3.zikloko 4 ikasle izaten dira. Egunkaria egin ahal izateko, irakasleen laguntza izateaz gain, bilerak ere egin behar dituzte.


TELEBISTA: tresna zoragarria da haurrak euskaraz, erdaraz edo ingelesez modu natural batean hitz egiteko. Grabatzeko eta editatzeko aukera dago eta lan hau egiteko arduradunak 3.zikloko 4 ikasle izaten dira. Telebistako saioa gela guztietan ikus daiteke eta web-ean ere publikatzen da etxekoek ere ikus dezaten.


TXIKIWEB: web orrialdeak atal desberdinak ditu, ongietorria, artisten galeria, argazki albumak, ABI telebista eta ABI irratia esaterako. Webmasterrak edo web arduradunak 3.zikloko ikasleak izaten dira.


Lehen esan bezala, Amara Berrin zikloka egiten da lan. Hedabideei dagokienez, zikloka eta bikoteka egiten dute lan eta 2 egun eskaintzen dizkio bakoitzak lan honi. Modu honetan arituz, lana kate moduan egitea lortzen da. Honek esan nahi du lehenengo aldian ikasi egiten dela gauzak egiten eta bigarrenean irakatsi. Adibidez: lehenengo egunean Manuelek Joni erakusten dio, bigarrenean Jonek Maiteri erakusten dio, hirugarrenean Maitek Edurneri…


Ikasleak gogotsu aritzen dira lanean modu honetan, askatasuna dutelako. Amandoren ustez eta Amara Berriko Sistema erreferentziatzat hartuz, irakasleak “txapa” botatzean ikasleek ez dute ikasten eta beraz, irakasleek ez dute irakasten. Hona hemen ikasleek esperimentatuz, askatasunez eta autonomiaz lan egitearen garrantzia. Modu honetan ematen da benetako ikaskuntza prozesua, egiten denari erabilgarritasuna edo zerbaiterako baliagarria dela ikusi eta norberak esperimentatu eta gustatzen zaiona eta ez zaiona ezagutu, nahi duen bezala diseinatu… hori da guztion artean lortu behar dugun irakaskuntza-ikaskuntza prozesua.


Hauxe izan da guztia lagunok!

"EL EKIPO A" TALDEKO SYMBALOO

Bakoitzak geure symbaloo propioa egin ostean, taldea elkartu eta denon artean symbaloo bat osatu dugu. Bertan gure taldekide guztiok normalean erabili ohi ditugun aplikazio eta web orrialde ezberdinak ageri dira.